Aste honetan bota dute Eskola 2.0. proiektuaren txupinazoa. Arbelak eta ordenagailuak ikastetxe gehienetan daude dagoeneko. Eta laster hasiko gara tresna horiek erabiltzen.
Ordenagailuak gelan edukitzeak komunikazioa jarduera funtzionalak eta esanguratsuak egiteko leiho berriak irekitzen dizkigu: ahozko zein idatzizko testuak ekoizteko, testu horiek argitaratzeko, solaskide berriekin (aurrez aurre ez ditugun solaskideekin, asko eta askotarikoekin) harremanetan jartzeko…
Eskoletara heldu diren ordenagailuek badakartzate jarduera horietarako tresna interesgarriak. Betiko testu-prozesadorea eta aurkezpenak egiteko programaz gain, ahozko testuak lantzeko eta argitalpen txukun-txukunak egiteko programak badituzte: Audacity eta Scribus hurrenez hurren
Scribus: Argitalpenak sortzeko tresna
“Ordenagailu bidez argitalpenak sortzeko tresna oso ona da. Diseinuan eta konposizioan malgutasuna eskaintzen digu”:
Software askea da . Adobe PageMaker, QuarkXPress eta Adobe InDesign komertzialen ordezkoa izan daiteke.
Eskuliburua (euskaraz) Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuko web tokian topatuko duzue, helbide honetan: http://www.imh.es/dokumentazio-irekia/manualak/scribus-argitalpen-eta-maketaziorako-software-askea
Audacity: ahozko testuak “editatzeko” tresna
Testu idatziak ekoizterakoan testu-prozesadoreak hainbat aukera interesgarri eskaintzen dizkigu: zati batzuk berridazteko eta hobetzeko, idatzitakoa txukun aurkezteko, hitza eta irudia konbinatzeko…
Ahozko testu aberatsak eta txukunak ekoizten lagunduko digun tresna da, hainbat aukera interesgarri eskaintzen dizkigu, besteak beste:
1.- Testua grabatzeko
2.- Grabatutakoa txukuntzeko, soinu artxiboa lantzeko (editatzeko) alegia:
- Testu zati bat aukeratu eta… moztu (ezabatu), kopiatu edota itsatsi. Baita bikoiztu edota bi pistatan banatu ere…
- Zati berri bat txertatu grabatutakoaren erdian. Isilune bat txertatu…
- Zati bat berriz ere grabatu (hobetzeko asmoz) eta aurrekoa ordezkatu…
- Bolumena egokitzeko (igo edo jaitsi), bai grabazio osoarena edota hainbat zatitakoa. Bolumen aldaketak egin direnean trantsizioak egokitzeko…
- Grabazioa garbitzeko (fondoko zarata kentzeko)
- Testua aldatzeko hainbat efektu: abiadura azkarragoan edo geldoagoan jarri, tonu grabeagoan edo agudoagoan, oihartzuna egin
3.- Soinu-artxiboa aberasteko:
- Musika gehitzeko
- Soinu-efektuak gehitzeko
4.- Grabatutakoa hainbat formatutan gordetzeko
Audacity erabiltzen ikasteko:
- Programaren aurkezpena (PPTa) eta esku-liburutxoa: https://eplazara.wordpress.com/2009/06/21/ahozko-testuak-eta-soinu-artxiboak-garbatzeko-eta-editatzeko-tresna-audacity/
- Audacity erabiltzen ikasteko bideo-tutorialak : https://eplazara.wordpress.com/2009/06/21/audacity-erabiltzen-ikasteko-bideo-tutorialak/